GAZTETASUNA

 

 

Zigor jakituna da, bere gisara. Zintzotasuna eta bizitzaren zientzia uztartuak ditu, eta natura du lantegi. Formen bitartez, materia bere bolumen idealean konplitzea du xede, unibertsoa lekuko duen bizi eureka gertatzea. Jokoan diren lege hauetan, planetek emozioarekin topo egiten dute eta bere .abardurei egokitzen zaizkie. 

 

Sorgina da, xamana, bizia mundu bilakatu zuten sekretuak baitakizki. Eskultura isilik egoten da, eta, aldi berean, den guzia bezain ele zaharra ematen du, ez bada betikotasunaren formula.

 

Zein hizkuntza darabilte eskultura horiek, errealitatea amestzat duen nahi sukoiarena ez bada? Nahi horrek ez baitu fazoinik egiten, ez du ezer barkatzeko galdegiterik, berak pizten duenak bera ere pizten baitu. Jokatze indartsu batzuk agertzen dira, espazioek, lagunen arteko . jokoak . hats harrarazten baitie.

 

Egiaren eskala horretan, edertasuna besterik ezin da egon. Tresnek, suak ala nahizko pazientziak forma eta funtsa ados jartzen dituelarik agertzen da, berez, edertasuna; eta bere bila joan baino, harrera egin behar zaio.

 

Mendebaldeko kontzientzia arrazoitsuentzat, ala sasi-iruzkinez galkatu kontzientzientzat, zailena obra haluzinagarrian parte hartzea da. Bere mugimenduak, tentsio aurtikiak direla eta, diskurtsoei ez die lokirik ematen, espekulazioen merkatura eramanen bailukete, sentsazio eskasez. Zigorrek obrak haluzinogeno bilakatzen ditu.

 

Sentitzeak zeremonia berezia dakar. Eskuak, izpirituaren izaki, haragizko izar, lau osagai deitzen ditu: patinaren dirdirak, koloreak, testurak eta forma indartsu, bizi eta malgutasun finkokoak. Horren truke, ferekara deitzen dute.

Sentsazio sarkorrak, begiradak inguraturik, ukimena besarkatzen du, eta isiltasuna gizakia aitzin ekartzen, bizitzak gizakia behatzen baitu, musika zorrotzeneraino. Zura, altzairua, brontzea, marra ez ditu gaizki tratatzen, baizik eta artoski entzuten. Haiek gaituzte barnetik plegatzen. Eta, ongi begiratuz gero, zutik biziarazten gaituen pasioaren esentzia senti dezakegu.

 

Ez dago hemen ideologiarik, nahizko edertasuna baizik. Basakeria zerbait ageri da; zurez, altzairuz, brontzez, urre-aroa sortzen da beti. Eta hemen, harmonia posible da, justizia hitzaren erranahia ez baita aldakorra.

 

Modetan murgildu gabe zeharkatzen dituen ibilbidea dugu hemen, marka irudiaren errepikapena ez baitu agertzeko ezinbesteko baldintza. Zeinuaren biderkatzea mistifikazio baten iragarki-hizkera da: logoaren bidez – kontzeptuala izan ala ez –, sintomatzat gaituen denbora baten analisia eman nahi izatean datza. Zigor ez da joko horretan ari. Bere denbora ez da gaurkotasun antzuarena. Berak mitoetan, poesian hartzen ditu markak.

 

Eskultura perspektiben esperientzia osoa egiteko parada da. Hortaz, orojakintzarena ere bada. Ikuspuntuen aniztasun mugagabeak hainbat loki ematen dizkigu nahi duguna harrapatzeko, ala gogoetetan duguna sesitzeko, biak kontra jartzekoak badira. Alderdi gordeak, egiazki, ikusten nahi izaten ez dakigunak dira. Lanean ari den ikusmen handiko artistaren balentria bitxia ikuspegi kutsakorra sortzea da: begiratzen duen orok, ikusi sorkuntzaren bitartez, ikusmendun batek bezala ikusteko egoeran sartu behar du. Hemen, iniziazio ideia ez da soberan.

 

Pentsatzen duen oro espazio/denboran aditua da, eta olerkia pizten den guneraino uztartzen diren dimentsioetarik bizi da: idatzi, marraztu, zizelkatu, argazkitan hartu, jokatu sinboloa nonbait absolutuarekin bat etorrarazten du. Eskultura orok koadro bat ere badu: horizontea. Kometa inguratzen irudikatu behar da, eraztunak harribitxia inguratzen duen bezala.

 

 

Denbora zizelkari handia da. Historiari iraupenaren erliebea ematen dio. Higadurak ere bere marka uzten du, orainaren hatz-marka, pasatu denaren seinale. Pista higikor hori gure egoerari buruz daramagun inkestan atzeman dezakegu. Zigor fenomeno klimatiko oso bat da. Horrez gain, espazioan bere berezitasunaren lekukotasuna ezartzea ere erabaki du: gauzen azalean hozka bat egingo balu bezala.

 

Sua zuraren semea da, ala anaia. Baina zura sorrarazten duen oro sutik sortzen da. Sugarra gausentian hazten den argi-zuhaitza da. Altzairua, aldiz, harri sakonetik isurtzen da, lurra gehien izartzen den lekutik. Keatsek izena idatzi nahi zion uretan idazten da marrazkia.

 

Geografia batenganako leialtasuna. Xedea ez da jatorrira itzultzea, baizik eta herri bat asmatzea eta horren alegiazko seme bilakatzea. Eta handik, mundu osoa kanta daiteke, muga erlatiboetatik haratago. Norat itzultzen da, bada, seme barreiaria? Jatorrira ez, jatorria galderez ihardesten den enigma baita. Sortze-infiniturako bidaia da, eguzki guziek bat egiten dutenerakoa.

 

Zigor tematia da, bestalde eta bestela defenditzen jakin duena eta dakiena egun sortzeraino; hots, askatasun eremu bat, bere eskulturek, hitzek eta irudiek asmatua. Adinik gabeko estatuagilea etorkizunetik bezala heldu zaigu.

 

Gustu onik ez txarrik gabeko edertasuna zailena da lortzen. Norbere baitako haurtzaroaren bidea hartu behar da, opera intimoaren dimentsioa. Formulatzen ez den guziarentzat femeninotzat jotzen den intuizioa, hemen, gizon eskuei galdegiten zaie. Ez dago ezer deskodetzeko, baina sentitua denaz gogoeta daiteke, hor dauden indarren sentsualtasun handiaz. Materiaren gihar-dirdirek usu iradoki gorputzez gorputzekoa zalutzen dute. Noski, iduriz zeru bat isilpean dakarren figura bakoitzaren parean, beste hainbat osagai ere heldu zaigu gogora: izandakoaren geroa sagaratzen duen estela, hazi monumentala eta bidaian daraman kosmosa, eta, maiz – ohea, bihurguneak, besoak eta ziloak lagun – ura, bizi nagusia, betikoa eta beti berria. Gaztetasuna.

 

Mathieu Terence