Zigorren izaera
Oroitzapena Izadiarekiko traditzea da,
Zeren atzoko Izadia ez baita gaurko Izadia
Izan zena ez da deus, eta oroitzea ez ikustea da.
Igaro, txori, igaro, eta irakats iezadazu igarotzen !
Alberto Caeiro, Artaldeen zaindaria (Fernando Pessoa)
Zigorrengan kontraesanak maitatu behar dira, edo zehazkiago errateko, kontraesan zintzo bat : alde batetik iraupena gutiziatzen du –brontzearena, mila urtekoa– eta bestalde goratik behatzen du iraupenaren ideia, bere bizitzako egun bakoitzean sorkuntza ekintza berrituz. Kaiera batean zirroborraturiko marrazki xumea eta burdinolako esku zailduek erdituriko « Txori » monumental bezain airetiarra maila berean ezartzen ditu. Horra nolakoa den. Bere auzo batek, etxera enborrak ekartzen dizkiotela ikusirik, aspalditik ondoriozatua du zurgina dela. Zigorrek barrez hartzen du gaizkiulertua eta ez da saiatzen argitzen. Ez da hausturarik bigarren mailakoaren eta lehen mailakoaren artean bere obran, banitaterik gabea baita. Hobesten du brontzearen prestakuntza faseko formatu ttipia ekoizpenaren azken faseko avatar hanpatuegiaren aldean. Lehena har daiteke eta eraman haur bat bailitzan, meditaziora eskaintzen da osorik, norberaren intimitatean. Bigarrenari, handiegia, ezin ora dakioke eta jendetzarekin batera begiratu behar zaio.
Zigorren artea unea bizitzeko modu bat baizik ez da. Une bakoitza. Eta arterik gabeko uneak artezko unea izaten jarraitzen du… zundatzen dakienarentzat. Zeren bizitza arte bat da, bizitzeko artea, munduan toki bat aurkitzeko artea, Oteizak dioenez.
Susmagarri bilakatzeraino zintzo, Zigorrek jendetasunez baztertzen ditu sorkuntzari loturiko mitoak eta, bere buruaz den bezenbatean, inspirazioa ukatzen du. Sorkuntzaren iturri bakarra sorkuntzaren mugimendua bera da. Lehen mugimendu batek beste bat dakar, eta azken honek hirugarren bat… eta horrela sorkuntzak bere burua elikatzen du, bidenabar funtsezkoena eraginez : artistaren emozioak, hala positiboak nola negatiboak. Artea bizitzeko egina delako, izan gaitezen sortzaile ala kontenplatzaile, azken beltzean gauza bera dena.
Izadia do natura aldi berean da bere artearen objektu eta hizkera. Izadia dena da, badena. Eta Zigorren arteak ez du imitatzen, ez da berataz inspiratzen. Bere arteak Izadiaren osagai bihurtu nahi luke, izate une huts. Esanguratsuki, ez du sekulan aipatzen zura, baizik eta zuhaitza. Ez du zura zizelkatzen : zuhaitz hila bortizki darabil –minik gabea ez den operazioa– bere baitatik bizitza berria erauzteko. Bere mintegian etzan ostean trontza-zerraz erasotzen du zuhaitza eta amoroski akabatzen du zizelaz, leundu eta bernizatuz baltsamatu aitzin. Bitartean, prozesuaren graziaz, bizitza berria sortu da. Izatea sortu du. Izadia birsortua izan da.
Baina ez da dena zuhaitz, Zigorren obran. Oro baitarabil sorkuntzarako. Harriak erakartzen du, bere marrazki kaierak bidelagun ditu bizitzako une bakoitzean, bizi liteke bere argazkigintzarako dohain soilean bermaturik… Autodidakta hutsa, eskola-izpiritutik libre, bere arteak ihes egiten du etiketetatik. Ez du kapera baten babesik bilatzen baina ez du, halere, jarrera gehiegizkorik hartzen puntu horri doakionean. Ez dago poserik edo itxurakeriarik bere portaeran. Esker onez hartzen ditu arte kritikariek bere obra kalifikatzeko sortu ismo-dun deiturak, opari gaizki hautatu baina bihotzez egindakoak onartzen diren gisan. Dena den, bide diotso bere buruari, jendeak irudiaren azpiko legendaren beharra du eta, zer eginen zaio…
Eta, preseski, bere arteak baldin badu hari bateratzaile bat, hori figurarena litzateke. Figura, bai. Figurak bakarrik. Baina ez alegoriarik, ez eta metaforarik, sinbolorik batere, ez eta transzendentzia identifikagarririk. Gehienez ere narrazio apur bat. Bere artea kontatu daiteke. Eta Zigor bera, tarteka, narrazioaren jokoan sartzen da, bere entzulego loriatuarentzat halako eskultura edo beste halako marrazki esplikatzen omen duen istorio bat harilkatuz, hitzez oparo eta bere xarma lagun duela. Haatik, narrazioa ez da beharrezkoa bere artea dastatzeko. Gehienik opzio bat da. Arrunt soberakina. Apika baliagarri izanen da kontsolatzeko Ikurraren ausentzia oraindik ere soporta ez dezaketenak, ez dutenak ikasi –baina ikasi ote daiteke hori ?– kontenplazioan sartzen, ez dakitenak izaten edo ez dakitenak izaten, den bakarraren aitzinean, Izadiaren aitzinean, zeinaren parte garen, alta.
Bere euskal identitateari buruz galdezkaturik, Zigorrek azaltzen du ez dela errexki objektibagarria. Zer da euskalduna ? Ez dakigu. Kanpoko definizio guztiek –etnografikoa, linguistikoa, historikoa, politikoa– huts egiten dute euskalduntasunaren egia. Aldiz, badenak badaki dela, eta ez du zailtasunik egiazki diren besteak ezagutzeko, segurtatzen digu Zigorrek, mistizismo erdi adarjole batetik mintzo. Hor ere, ikurrik ez zeinari oratzeko. Hutsa baizik ez –Oteiza berriz ere– zeinetan arimak –arima euskaldunak kasu honetan, baina azken finean, zer axola ?– bere etxea aurkitzen duen.
Egiaren azala –arteari doakionean ala artistaren identitate intimoaz den bezenbatean– leuna da, goxoa, ez du heldulekurik eskaintzen. Behar bada horregatik ezin dezake ekidin Zigorrek bere eskulturak leun bihurtzea. Artea ongi maitatzen ez dakitenak amildu daitezen, eskuak eskultura horien azalean lerraturik. Bere eskulturak unkimenarentzat dira begiradarentzat baino gehiago. Lo egiten ahalko genuke beraiekin, dio Zigorrek. Egiaren azala unkitzen, ferekatzen eta sentitzen dakitenena da egia. Oneski, noski… erranahirik itxoin gabe.
Ur Apalategi